HEZKUNTZA

Lanerako motibaziorik garrantzizkoena, eskoletan eta bizitzan, lanak berak ematen duen plazerra da, beraren emaitzek damaiguten atsegina eta emaitza horiek gizarterako duten balioaren ziurtasuna.(...) (Albert Einstein)

2007/01/17

BLOGAK IRAKASKUNTZAN

Eta irakasgaiari bukaera emateko, bloga martzan jarraitzea espero dudalako, aurkitu dudan artikulu oso interesgarria aurkeztea aproposa ikusten dut, bukaera emateko eta irakasgai honekin lotura handia duelako.

Beraz, esan beharra daukat teknologia berriei eta blogei buruz batez ere, nire ezagupenak handitu dira eta orain esan ahal dut behintzat badakidala zer den gutxi gora behera blog bat egitea eta blog horretan "enredatzea", batzutan gauzak ondo irten dira beste batzutan ez baina saiatzen azkenean gauzak lortu ditut. Beste barik, artikulua zuen gustokoa izatea espero dut.

HIK HASI

LACALLE, Jokin: Jakintza ikastolako IKT dinamizatzailea eta ETXARRI, Mikel: Jakintza ikastolako webmasterra

Aspaldi honetan Web 2.0 izenpean Interneten gertatzen ari diren aldaketen berri jasotzen ari gara hedabideetan. Kontzeptu honen definizioa ikuspegi askotatik enfoka daitekeen arren, ikastaro honetan irakaskuntzari begira Web 2.0 delakoak lekarkeenaren inguruko azterketa egingo dugu, mugimendu berri honen buruan blogak kokatuko genituzkeelarik.

Zalantzarik gabe, 2005. urtea blogen iraultzaren urtea izan da. Blogarien hazkundea izugarria izan da, une honetan 40 milioi blog baino gehiago aurki daitezkeelarik. Horren ondorioz, sarean zehar aurki daitekeen informazioa inoiz baino ugariagoa da eta inoiz baino sakabanatuago dago. Garai bateko atari tematiko edo direktorio erraldoi haietatik (informazio guztia erabat zentralizatuta aurkezten zuten webguneak) mikroinformazioa nagusi den Internetera pasa gara. Informazioaren sakabanatze horren ondorioz, behar bezala kudeatu nahi badugu, ohikoak ez diren tresna berriak erabiltzera behartuta gaude: horien artean RSS gehigarriak, informazioa etiketatzeko sistemak, gogokoak partekatzeko aukerak… Hori izango da, beraz, ikastaroaren lehen atala.

Sarean zehar topa daitezkeen blogen izaera anitza izanik, hauetako asko helburu didaktikoekin sortu dira. Hauek dira, hain zuzen ere, edublog izenez ezagutzen direnak. Egia esan, ez dira gutxi blogak irakaskuntzan erabiltzeko egon daitezkeen arrazoiak:
1) Erabilterrazak dira.

2) Multimediak dira, alegia, testua, irudiak, animazioak, ahotsa eta bideoa biltzeko euskarria eskaintzen dute.


3) Ikaslearen partaidetza bultzatzen dute: tresna eraginkorrak dira metodologia eraikitzaile baten barnean.


4) Gure egunerokoan erabiltzen ditugun beste hainbat baliabideekin konbinatuz, aurretik finkatutako helburu didaktikoak lortzeko oso baliagarriak dira.


5) Blogak eta horien inguruan erabil daitezkeen aplikazio guztiak doakoak dira.


Blogaz gain, Web 2.0 berri honetan badira beste hainbat tresna hezkuntzan erabilgarritasun aparta eduki dezaketenak. Horietako gehienak lankidetzan oinarritutakoak dira, informazioaren trataera era partekatuan gauzatzeko balio dutenak. Hor daude wikiak, Writely edota View bezalako aplikazioak. Horiek guztiek, taldeko lanean oinarrituta, ekoizpen mota askotarikoak lantzeko aukera aparta eskaintzen digute. Horretaz gain, ikasleen artean ikuspuntu demokratikoagoa zabaltzea ahalbidetzen digu.

Ingurugiro-Heziketa



ESKOLAKO AGENDA 21


Eskolan, ikasi, irakatsi eta lan egiten da; eskolan, bizi egiten da, azken batean. Eskola hezkuntza eragilea da, baita jarduerarako alor bat ere. Gizarte txiki bat bezalakoa da eta, beraz, oso aproposa gizartean landu nahi ditugun parte hartze eta iraunkortasun proposamenen saiakuntzak egiteko.

Eskola da aurretik aipatu dugun hezkuntza elkarteko osagairik agerikoena. Eskola
gizarteko hezkuntza eragile espezializatua da, eta erantzukizun handia du hezkuntza lanean: izan ere, eskolak herritar guztientzako oinarrizko hezkuntza bermatzen du, eta eginkizun garrantzitsua du baloreak eta gizarte arauak onartzeko eta hedatzeko, baita belaunaldi berriak gizartean bizitzeko prestatzeko ere.

Agenda 21, mundu osorako ekintza plan bat da, eta, horren arabera, gauzak egiten hasi behar da. Beraz, ekintzen egutegi bat ezarri eta gastuak balioesten ditu, besteak beste. Nahi zuen garapena lortu ez badu ere, dokumentu horrek eragin handia izan du. Ezinbesteko erreferentzi bihurtu da garapen iraunkorrarekin lotutako estrategiak diseinatzeko, bai nazio esparruetan, bai tokiko esparruetan.


Agenda horren asmoa diagnostiko bat egitea, lehentasunak ezartzea eta elkarte horren iraunkortasuna bermatuko duten ekintzen plangintza egitea da.
Eskolako Agenda 21 programak nork bere elkarteko Tokiko Agenda 21ean parte hartzeko aukera ematen die hezkuntza zentroei, eta lagundu egiten die garapen iraunkorrean oinarritutako hezkuntza jarduteak garatzen. Horretarako, gizarte eta ingurumen gaiak ikasteaz gain, zentro horiek iraunkortasunaren aldeko ohiturak eta jarrerak garatu beharko dituzte.

Eskolako Agenda 21ek funtsezko hiru zutabe hartzen ditu oinarritzat:

1) eskola inguruko ingurumena hobetzea

2) hezkuntzaren berrikuntza eta kalitatea

3) zentroak bere elkartean partehartzea.

2007/01/15

Teknologia Berriak Eskolan

Internet eskolan
Informazioaren Gizartea garatzeko azken planaren helburua hezkuntza ingurunean teknologia berriak sartzea bada ere, eskola "konektatu gabe" dago oraino. Universitat Oberta de Catalunya-k (UOC) eginiko azterlanaren arabera, ez irakasleek ez ikasleek ez dute baliatzen Internet hezkuntzan: 10 ikasletik ia 4 ez da behin ere sartzen Interneten eskola ordutegian eta beste hiruk astean behin baino ez dute egiten. Azterlanaren egileek ondorioztatu dutenez, ikasle-irakasleei lehenago egiten zutena hobeto egin dezaten laguntzeko erabiltzen da Internet, baina ez berrikuntza tresna edo prestakuntza prozesuko parte gisa, irakasle askok oraindik ez baitakite nola txertatu bere jardueran. Izan ere, unibertsitatez bestelako irakaskuntzan diharduten maisuen %34 ez da gauza ordenagailu batean aritzeko "erabiltzaile arruntak baliatzen duen bezala", eta %30ek bakarrik darabilte tresna hori ikasleekin. Beste aldetik, ordea, etxeko zimenduak ezarrita daude: ikastetxe publikoen %90,5ek eta pribatuen % 89,1ek badu Interneterako konexioa (erdiek baino gehiagok, banda zabalean). Konexio hori baliatzea da kontua orain.

Internet segurua
IInternet seguruaToki hau egokia da Sarean adin txikikoak ustekabe ezatseginak topa ez ditzan egin beharreko urratsez informazioa jasotzeko.




Edukiak
EdukiakEspainiako Hezkuntza Ministerioak eginiko esteka bilduma, haurrek ur seguruetan barrena nabiga dezaten eta nabigazioari ahalik eta zuku gehien atera diezaioten.



Haurrentzako astronomia
Haurrentzako astronomiaHaurrentzat baliagarri, dibertigarri eta didaktikoak diren edukiz josita dago Internet. Orri honetan, Lurra "bat formula" horiek baino abiadura handiagoz dabilela edo ostadarra zein egoeratan osatzen den ikas dezakete txikienek.

2007/01/14

Haurren irakurketa


Gaur egun, sekula baino arrisku handiagoa dago haurrek irakurketa guraso eta irakasleen inposaketa gisa har dezaten.

Euren denboraren zati bat letra artean murgilduta emateko eta hegoaldeko itsasoetako abentura liluragarririk bizi izateko ohiturarik gabe hazi daitezke gaur egun neska-mutikoak. Eta bizitzako lehen hamarkadan hartzen du, hain zuzen, pertsonak ohitura hori; hamar urte horietan izaten da irakurtzeko plazera beharrizan onartu eta desiratu gisa eskuratzeko aukera. Pedagogoek diote irakurketaz gozatzen ikasi egiten dela eta, horrenbestez, irakatsi egin daitekeela izan behar da kontuan.

Horretarako funtsezkoa da familia. Irakurtzen gurasoek irakatsi behar diete seme-alabei, beti ere haurraren izaera, motibazioak, zaletasunak eta interesak kontuan izanda. Azken batean, liburuenganako jakin-mina suspertzea da erronka.



2007/01/10

SAHARAKO HEZKUNTZA


Gaur egun analfabetismoa ia guztiz desagertu da SEAD-en eta alfabetizazio maila arabiar munduko altuenetariko bat da. Saharako umeen %100a eskolatuta dago. Hezkuntza derrigorrezkoa eta doakoa da.

Lau kanpamenduetan guztira 25 haurtzaindegi eta 27 eskola daude. Hauetaz gain, hiru barnetegi daude, hauen artean "27 de Febrero" emakumeentzako lanbide eskola.

1977an, gutxienezko balditzetan bazen ere, ume kopuru handia eskolatuta zegoen jada eta Saharako 4.500 ikasle onartuak izan ziren Aljeriako bigarren mailako ikastetxeetan. Pixkanaka, Saharako kanpamenduetara medikuak, erizainak, irakasleak, mota guztietako teknikoak, agronomoak, itzultzen hasi ziren eta denen onerako beraien lanari ekin zioten. 1.978tik derrigorrezko hezkuntza kanpaina jarri zen abian baita koadroen formazioa eta ikastetxeen eraikuntzari ekin zioten.

1.984tik aurrera daira bakoitzean 3tik 6 urtera bitarteko umeentzako haurtzaindegiak zabaldu ziren, bertan eskola aurreko hezkuntza jasotzen dute eta honela amak beste lan batzuetara jotzeko libreago geratzen dira.


________Saharako kanpamentuetara joan nintzenean____________


Oinarrizko hezkuntza orokorraren baliokidea denak 7tik 13 urte arte sei ikasturte ditu eta 4. maila arte daira-etako eskoletan ematen da; hemen irakasleriaren %97a emakumeek osatzen dute. Bigarren hezkuntzako eskolak barnetegiak dira eta umeak holakoetara joaten dira hamahiru urtetik aurrera. 13 urterekin hasi eta 16rekin bukatzen dute prestakuntza akademikoa eta, mekanika soldadura, elektrizitatea, nekazaritza, zurgintza, osasuna, administrazioa, jantzigintza bezalako behar orokorretarako prestakuntza profesionala jasotzen dute. Kalifikazio onena lortzen dutenak unibertsitatera joaten dira eta lanbide heziketa egiten dutenek erdi mailako tekniko titulua lortzen dute. "12 de octubre" eta "9 de junio" eskolek 2.000 ikasle baino gehiago sartzeko beste leku dute, 60 irakasleko plantila eta, praktiketarako tailerrak eta ortuak dituzte. Irakaskuntza mistoa da ekintza guztietan logelak izan ezik.

2007/01/08

Eskolaz kanpoko jarduerak

Eskolatik irtetean, ikasketa eta jostaketa

Jarduera gaztetxoak aukeratu behar du, bere zaletasun, nortasun eta trebezien arabera.

Gimnasia, dantza, judoa, igeriketa, informatika, hizkuntzak, antzerkia, pintura, musika... Eskolaz kanpoko jarduerak ume askoren eskolaldiaren osagarri bilakatu dira; areago, osagarri ez ezik, benetako ikasgai eta, zeregin ugariko gurasoentzat, lasaialdi ederra ere bai. Eskolako ordutegiz kanpo egiten dira horrelakoak eta jakin-min eta kezkak pizten, area jakinen bateko ezagutzan sakontzen, sormena sustatzen eta balioak garatzen laguntzen dute. Ikastegian bertan zein akademian edo kirol klubetan praktika daitezkeen arren, jarduerak ez dira aldatzen, orokorki. Alde nabarmenena kostuan datza: eskolan merkeago izaten dira, aldez edo moldezko subentzioekin lagunduak baitaude eskuarki.

Zaletasunei dagokienez, Espainiako Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren lehen txostenaren arabera (bertan, irakaskuntzaren kalitatea balioztatzeko, Ministerio horren metodo berriari heldu zaio) espainiar ikasleen %65ek kirola -futbola, judoa eta gimnasia erritmikoa dira ikasleek gehien eskatzen dituztenak-praktikatzen dute; %17k informatika aukeratzen du eskolaz kanpo lantzeko, %15ek dantza klasikoa eta %35ek hizkuntzak (ingelesa, gehientsuenek).

Adituek diotenez, eskolaz kanpoko jarduerak baliagarriak dira, haur edo gaztetxoaren garapen pertsonalarentzat mesedegarri direlako eta ume horrek, ohiko ikastorduez beste aldera, jolasean emaniko aldi edo esperientzia ludiko gisa bizi behar dituen heinean. Seme-alabarentzat heziketa edo kirol jarduera hautatzean funtsezkoa da hark bere adostasuna agertzea; bestela, handik gutxira motibaziorik gabe ikusiko du bere burua eta jarduera hori gorrotatu egingo du atzenean. Eskolaz kanpoko jarduera horiek tamainan hartu behar dira, jakina: haurra helduaren jardunaldiari aurre egiteko prestatua ez dagoenez, oso litekeena da saturazioak umearengan estres emozionala sortaraztea.

2006/12/21

OLENTZERO


Olentzerok, jatorriz suarekin du erlazio zuzen zuzena. Sua eta erretzearen ingurutik etorri da zenbait interpretazio eta ohitura, adibidez: ikazkin moduan errepresentatzen hastea, tximinitik behera jeistea edo pipa erretzen agertzea. Hiru kasuetan sua da adierazle garrantzitsua. Sua da zaharra berrizten duena, okerra garbitzen duena. Sua da, indar berriaren adierazle.

Zenbait herri euskaldunek pertsonaia gisa errepresentatzen dute sasoi hau eta pertsonaia honek Gabon gauean egiten du bere etorrera: Olentzero da.

Gure Olentzero artzaia da zenbait tokitan, nekazaria beste batzutan, ikazkina beste batzuren ustetan. Azken jentila dela diote batzuk, Kristoren jaiotza zabaltzera etorria; urteak egun baino begi bat gehiago duen gizona dela ere esan da, 366 begi dituen gizona dela.



Olentzero joan zaigu
mendira lanera
intentzioarekin
ikatz egitera.
Aditu duenian
Jesus jaio dela
lasterka etorri da
berri ona ematera.

Horra! Horra!
Gure Olentzero!
Pipa hortzetan duela
eserita dago
kapoiak ere baditu
arraultzatxuakin
bihar meriendatzeko
botila ardoakin.

2006/12/19

MATERIALA

Hemen liburu desberdin batzuen informazioa ipinu dut. Nire ustez, liburu interesgarriak dira eta hezkuntza barruan dauden gai desberdinei buruzko informazioa eskeintzen dute, adibidez jolasak, musika, ipuinak...


JOLAS TAILERRAK (liburuxka eta CDa)

Material hau 4-11 urteko haurrek betiko jolasak euskaraz erabiltzeko gida bat da. Gida hau helduei zuzenduta dago: liburuxkan 42 jolas daude eta CD-an jolas horiekin erabiltzen diren 30 kanta entzun daitezke,

Jolasak multzotan sailkatzen dira:

-Soka salto
- Esku jolasak
- Korro jolasak
- Harrapaketan
- Goma jolasak
- ...

KONTU TXIKIAK (liburuxka eta CDa)
Material hau 0-6 urteko haurren guraso zein hezitzaile-irakasleei zuzenduta dago, haurrekin baliabide gisa erabiltzeko. Baliabideak euskaraz daude (kantak, esaerak, ...). Erdaldunei azalpen laburra egin zaie erabilgarri suerta dakien. Beste aldetik, hainbat aldaera agertzen dira, ahal bada, tokian tokiko euskara erabiltzeko. CD-an kantak daude (48).

Baliabideak multzotan sailkatzen dira:
-Jana ematerakoan
- Mina hartzerakoan
- Lo hartzerakoan
- Kulunkatzerakoan
- Ibiltzen ikasterakoan
- ...

ETORKINAK ESKOLAN
"aniztasunaren trataeran eta kulturarteko hezkuntzan sakontzeko beste arrazoi bat"

Arrasate Unibertsitateko ikasleekin eta Sortzen-Ikasbatuazeko zuzendari eta ikasketa buruen mintegikideekin batera egina. Bertan etorkinen inguruko marko teorikoa azaltzen digu alde batetik. Bestetik gure eskoletan aplikatu ahal izateko, harrera plana egiteko adibidez, irizpideak markatzen ditu. Liburu praktikoa eta irakurterraza da. Horretaz gain, gaiaren inguruan dagoen dokumentazio ugari non aurkitu eta zertarako diren adierazten digu bibliografia eta web orrialdetako zenbait helbide agertzen baitira bertan.



BURUKETAK LEHEN HEZKUNTZAN
“Progresioa ziklotik ziklora”

Material honen helburua Matematika arloan eta, zehazki, buruketen atalean, horiek ebazteko ikaskuntza esanguratsua bideratzeko irizpideak eta estrategiak zehaztea da. Ikasleek gertuen duten errealitatearen manipulaziotik abiatuta, abstrakziora iristeko bideak hausnartu nahi ditugu.

Ziklo eta mailen arteko progresioa, kohesioa eta koherentzia bermatzeko, maila eta ziklo bakoitzeko prozedurazko helburuak eta estrategiak finkatzen dira.








PENTAGRAMA-ENEA
“Musika irakurketa-idazketa prozesuarekin hasteko sekuentzia didaktikoa”

Eskolan musika arloan kokatzen den sekuentzia didaktikoa da. Ipuina baliatuz musika hizkuntzaren atal bat lantzen da, notazioaren kodea, hain zuzen. Gida Liburua : sekuentzia didaktikoa; CD: sekuentzia didaktikoan erabiltzen diren kantak; DVD : liburuan proposatzen diren jarduerak azalduz.
Creative Commons License
blog hau Creative Commons-en baimen baten mende dago.